logo

KRONIKA

Memoriarik gabe ez dago Proiekturik garatzerik. Horixe izan da hain zuzen gure gotzain Jose Ignacio Munillak eta Elizbarrutiko Bikario Nagusi eta Kultur Ondarearen arduradun den Joseba Gonzalezek joan den ekainaren 2an Elizbarrutiko Artxibo Historikora eginiko Pastoral Ikustaldian luzatutako mezua. Hauen bisitak argi utzi du aurrera begiratzeko, helburuak berritzeko eta egungo arazoei konponbideak eskaintzeko sustraiak ezagutu, gure ibilaldi historikoa onartu eta etorkizuneko planteamenduak egiazko testuinguru eta errealitateetan oinarritu behar direla. Eta Artxiboa da, Donostiako Elizbarrutiko gure Artxibo Historikoa, Gipuzkoako Elizaren mendetako ibilbide identitario horren dokumentazio-probak jasotzen, gordetzen eta zaintzen dituena.

Goizeko hamarretarako jarritako hitzordurako etorri ziren, senidetasunezko ongi etorria eta agur beroa eskaini ostean, Artxibo Historikoa osatzen duten bulego guztiak ikusi genituen banan-banan. Galderen jarioa eta ardura nabaria zen zaindutako dokumentu mordoa eta funts horiek zaintzeko eta hedatzeko daukagun azpiegitura ikusten zutenean, hots, Gipuzkoako lur hauetako transitus Dominiaren egiazko fede-emaileak.

Ondoren, Artxiboko Ikerketa Aretoan batzarturik, Artxiboaren errealitate dinamikoaren azalpen zabala eskaini genien Gotzain jaunari eta Bikario Nagusiari, esan nahi baita, alde batetik, Gipuzkoako gure eliz elkarteetako funts historikoak biltzera, bestetik, txukuntasunez jasotzera, eta, azkenik, horiek eskatzera hurbiltzen diren azterlariei eskaintzera bideratua dagoela.

Grupo

Bilakaera historikoa

Jacinto Argaya gotzaina izan zen 1972an gure Elizbarrutiko hainbat eliza, sakristia, parroki etxe eta, are, etxe partikularretan barreiatuta -eta ez beti paperek, pergaminoek, argazkiek edota bestelako euskarri dokumentalek eskatzen zuten baldintzetan gordeta- zegoen eliz dokumentuen ondare guztia leku egoki batean bildu eta jasotzeko asmoari gorputz organikoa emateaz arduratu zena. Urte hartako gutunean "Gure probintzian aurreko garaietan pastoraltzan jardun zutenek arazo pastoralak nola konpondu zituzten adieraziko diguten agiriak jasotzeko" beharra adierazi zuen. Halako egitasmo garrantzitsua aurrera eramateko, Sebastian Inchausti, Elizbarrutiko Artxibozaina, izendatu zuen gure lehen artxibozain. Gotzain aurrerakoi, zuhur, zoli eta jakintsua izaki, bere erudizio, sensus eclesiae eta trebetasunari esker -Vatikanoko II. Kontzilioko hitzaldi gogoetatsuak aberastu zituen gotzainetako bat izan zen-, nagusitzen zihoan gizarte-errealitate berria oinarri hartuta, Gipuzkoan elizak behar zuen berregituraketa sustatu zuen.

Data hartatik aurrera Artxiboa etengabe hazten eta egun dena bilakatzen joan zen: Gipuzkoaren kultur erreferente ukaezina eta, baita, Espainiako Elizaren Artxiboena ere. Kontaezin ahala ikerlanetan aipatzen gaituzte, hitzaldiak emateko eta esperientziak azaltzeko eskatzen, eta Tui-Vigo, Oviedo edo Santanderko Elizbarrutietako gure senide kideek bisitatzen, batzuk aipatzearren.

Lan-taldea

Baina ezein instituzio ez da handi egiten bertan lan egiten duen lan-taldea handia ez bada. Elizbarrutiko Artxiboak horrelako lan-taldea du, horrelako pertsonak; eta horrela bakarrik uler daiteke, esaterako, nola lortu dugun Gipuzkoako parrokia guztietako funts historikoak biltzea, horien inbentarioa egitea edota behar bezala egokitutako instalazioetan jendearen eskura jartzea; zeregin luze, neketsu, akigarri baina liluragarri hori Artxiboko lantaldea osatzen duten edo zutenei esker aurre egin ahal izan dugu. Gotzain jaunaren eta Bikario Nagusiaren bisita aprobetxatuz, ondo merezitako eskerrona azaldu genien han zeuden lagun horiei; izan ere, kausari eskainitako zerbitzua izan baita euren eragilea, eta doakotasuna euren ikurra; eta hauek dituzue: Arantxa Kintela eta Itziar Barrenetxea -Montpellierko Frantziskotarrak-, Soledad Rodríguez -"Obrera de la Cruz"-, eta Ane Zabarte. Halaber, gogoan ditugu duela gutxi arte bururik altxa gabe lagundu duten eta adinak eragindako arrazoiengatik han egoterik izan ez zuten erlijiosak ere; hala nola, Mari Arrazola eta Asuntxi Mendizabal -Mariaren Lagundikoak-, edo Digna Villabriga -Santa Teresa Lagundikoa-. Atal honetan, eta azkenik, Iñaki Amutxastegiren lana eta prestutasuna eskertzen ditugu urte pastoral honetan lan-talde handi horren partaide izan delako, baina, orain, pastoral-arrazoiak tarteko, Bergarako parrokian eskainiko du bere zerbitzua; zereginetan eta erabakietan emandako laguntza, nahiz bere aldarte atsegina eta lanerako jarrerak gertaera honetako protagonista bilakatzen dute.

Grupo

Artxiboa etorkizun hobea eraikitzeko erakunde erabilgarria

Ongi merezitako eskerronak adierazi ondoren, argiro esan genuen gure Artxiboa ez dela paper eta oroigarrien biltegi bat; aitzitik, mendetako kristau-eredu baten atzean milaka lagunen izana eta egina gordetzen, eta egia eta bizitutako esperientziak eskaintzeko irekia dagoen erakundea da. Artxiboak etorkizuna eraikitzen laguntzeko balio du edo ez da Artxiboa; ez badu eraikitzen, biltegi bat baino ez da izango, iraganeko loria eta balentrien biltegi hagitz errespetagarria, baina ez Ebanjelioaren zerbitzura dagoen Kultura eta memoriaren Hedagunea. Artxibozainok ez gara iraganeko egintzen bildumagileak, orainaren lankideak gara, eta etorkizun hobeagoaren eraikitzaileak. Egia zaintzea, gordetzea eta hortik ikasteko eskaintza luzatzea da gure agindua, bidea eta erronka.

Eskubideak eta betebeharrak

Halaber, gizartean hezurmamitzen ari den errealitate berri bati buruz ere hausnartu dugu: eskubideak beretzat hartu, eta betebeharrak saihestu, itxuraldatu. Harri eta zur ikusten dugu zer eta nola erregutzen dituzten batzu-batzuk eskubideak, esan nahi baita, eurentzat pieza honen edo haren kopia digitala lortzea, horien euskarria eta edukia ez aldatzeko, manipulatzeko edo, are gehiago, ez komertzializatzeko betebeharra saihestuz. Kezkaturik ikusten dugu sarritan Artxiboari emandako dirulaguntza bat onartzeak atzetik dakarrena; esaterako, aipatu dirulaguntzarekin egindako kopia guztiak horren ordainetan eman beharra, era horretan entregatutakoaren jabetza fisikoa edota intelektuala edo bere edukia galtzeko arriskuan jarriz. Zuhurtziak izaria eta gogoeta aldarrikatzen ditu. Horregatik, esandakoaz jabeturik, Artxiboan dokumentu ororen kopiarik edo irudi digitalik ez ematea erabaki dugu; beraz, ez dugu onartuko prozesu digitalen irudiak entregatzea exijitzen duen dirulaguntzarik, ez ordea dokumentazio historikoaren edo testuen datu erauzgarriak.

Ondare dokumentala bereziki dagokigun ondasun bat da; memoria kolektiboa hornitzen du, eta guztiok balioetan hezten laguntzen. Jose Ignacio gotzainaren hitzaldiak halaxe oroitarazten digu, kultur ondareak ebanjelizaziorako eta apostolutzarako tresna baliagarriak direla ohartaraziz.

Amaitzeko, azpimarratzekoa da, Gotzain jaunak eta bere Bikarioak erakutsitako gertutasunak, azaldutako arretak eta eskainitako hitzek biziki pizten dutela eskuarki isila, sarritan gutxietsia, baina beti ekintzaile den Elizbarruti honetako artxibozainen lana. Zinez eskertzen dugu eginiko bisita, bere ardura eta bere ikasgaia, hots, iraganetik ikasi dezakegula, gaur nola lan egin, geroa hobea izatearren. Ezinbestekoa dugu memoria zaintzea gure identitatea, bereizketa, askatasuna ez galtzeko. Oroit,... Memoriarik gabe ez dago Proiekturik garatzerik.

José Angel Garro Muxika,
Donostiako Elizbarrutiko eta Katedraleko Artxibozaina

Ikusi argazki guztiak